Zer da elektronika? Non kokatzen da telekomunikazio ingeniaritzan? Zer dira dispositibo elektronikoak?

Ikasgai honetako lehenengo atalak irakasgaiari buruzko oinarrizko datuak laburbiltzen ditu  eta telekomunikazio-ingeniaritzan kokatzen du elektronika. Bigarren atalak, gailu edo dispositibo elektronikoen ideia eta azaleko deskribapena jasotzen ditu, eta gailu mota jakin batzuen I-V kurbak eta ezaugarrien adierazpen analitikoak ematen ditu.

Erdieroaleak

Gaur egungo elektronikaren oinarrizko materialak erdieroaleak dira eta haien arteko erabiliena silizioa da. Irakasgairen atal honetan material hauen ezaugarriak analizatzen dira, eroapeneko mekanismoak, sorrera-birkonbinaketa fenomenoak eta ekuazio orokorrak abiapuntutzat hartuz

PN juntura eta diodoa

Atal honetan, PN juntura eta diodoa ikasten dira. Lehendabizi haien definizioak eta deskribapenak jasotzen dira eta oreka termodinamikoaren analisia egiten da. Gero, polarizioaren efektua sakonean analizatzen da, eta horrek I-V ezaugarria lortzera darama. Ondoren, desbideratzeak eta efektu dinamikoak ikasten dira. Amaitzeko, diodoen aplikazio klasikoak eta zenbait diodo berezi azaltzen dira

Junturako transistoreak edo transistore bipolarrak (BJT) 

Transistorea, dudarik gabe, XX. mendeko asmakizun nagusietako bat da eta elektronikaren eta informatikaren garapenean duen garrantzia itzela da. Irakasgaiaren atal honetan BJT Junturako Transistore Bipolarraren funtzionamendua azaltzen da, bai estatikoan bai dinamikoan eta, ondoren, aplikazio garrantzitsu batean jartzen dugu arreta: anplifikazioan.

Eremu efektuko transistoreak (FET)

Elektronika digitalean gaur egun gehien erabiltzen diren transistoreak FETak dira eta FETen analisia hartzen du irakasgaiaren azken atal honek. FETen garrantzia kontuan hartuz, analisia azalekoa dela esan beharko dugu, baina baditugu lekua eta astia haien sailkapena egiteko, funtzionamenduaren oinarriak ikasteko eta, erregimen dinamikoa aurkeztu ondoren, hainbat zirkuitu anplifikatzaile ikusteko.
Azken aldaketa: asteartea, 2010(e)ko irailaren 28(e)an, 12:40(e)tan