HELBURUAK

Helburu nagusia da ikaslea zerbitzu eta aplikazio telematiko aurreratuak, banatuak eta sareetakoak programatzeko gai izatea.

Horretarako teknologia nagusi moduan Java EE erabiliko da, baina beste batzuk ere aurkeztu eta landuko dira.

Gainera, ikasleak zerbitzu eta aplikazio telematiko horiek bere zerbitzarian konfiguratuko dituenez, zerbitzarien kudeaketa ere lantzen da.

GAITASUNAK

Irakasgai honetan, UPV/EHUko Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Graduan zehazten diren moduluko gaitasun hauek lantzen dira (https://www.ehu.eus/documents/2473803/2795915/Telekomunikazio%20Teknologiaren%20Ingeniaritzako%20%20Graduan%20-%20Bereganatuko%20diren%20gaitasunak%2013-14.pdf):

  • M01: Oinarrizko Prestakuntza

    • M01CM02: Oinarrizko ezagutzak edukitzea ingeniaritzan erabiltzen diren ordenagailuen, sistema eragileen, datu-baseen eta informatika-programen erabileran eta programazioan.

  • M02: Telekomunikazio Adarreko Irakasgai Komunak

    • M02R2: Gaitasuna komunikazio- eta informatika-aplikazioak erabiltzeko (ofimatikoak, datu-baseak, kalkulu aurreratua, proiektuen kudeaketa, bisualizazioa, etab.), telekomunikazio eta elektronikako sareen, zerbitzuen eta aplikazioen garapena eta ustiapena bultzatzeko.

    • M02R7: Telekomunikazioko sareen, sistemen eta zerbitzuen programazioak zer oinarri dituen jakitea eta erabiltzea.

  • M04: Telematika

    • M04TE7: Gaitasuna zerbitzu eta aplikazio telematikoak programatzeko, sarean eta banatuak.

  • M07: Hautazkoak

    • M07OP2: Euskararen erabilera sustatzea, komunikazio teknikorako hizkuntza gisa, eta hizkuntza

      arloko kontsultak egiteko tresnak erabiltzen jakitea

AURREBALDINTZAK

Irakasgai hau ikasi ahal izateko, ondoko hauek jakitea beharrezkoa da:

  • Java SE lengoaian programatzea (adibidez, OCWko irakasgai honen bidez: https://ocw.ehu.es/course/view.php?id=119)

  • Datu-base erlazionalen oinarrizko kontzeptuak: diseinua eta erabilpena

  • Internet-en erabiltzen diren protokoloen oinarrizko kontzeptuak

DESKRIBAPENA

Irakasgaiaren lehen gaia GNU/Linux zerbitzarien kudeaketari buruzkoa da, praktikak egiteko erabiliko den ingurunea baita.

Hurrengo gaiak web aplikazioak garatzen ikasteko dira. Hasieran, web orrialde estatiko sinpleak egiten ikasiko da, HTML eta CSS lengoaiekin. Ondoren, dinamismoa sartzen ikasten da, bezeroaren aldean lehenik (Client Side Scripting) eta zerbitzariaren aldean gero (Server Side Scripting).

Beste gai guztietan zerbitzariaren aldeko scripting teknikak lantzen dira, Servlet direlakoekin hasita, Java EE teknologia ezberdinak hartzen dituzten aplikazioak egiten amaitzeko. Esandako teknologia horiek, REST, JSF, EJB eta JPA dira nagusiki.

GAI-ZERRENDA

1.- ZERBITZARIAK KUDEATZEA

2.- WEB ORRIALDE ESTATIKOAK

3.- WEB ORRIALDE DINAMIKOAK

4.- DATUEN ADIERAZPENA

5.- AURKEZPENIK GABEKO WEB APLIKAZIOAK JAVAEEn

6.- AURKEZPENERAKO WEB APLIKAZIOAK JAVAEENn

7.- NEGOZIO MAILA JAVAEEn

8.- DATUEN MAILA JAVAEEn

METODOLOGIA

Irakasgaia OCW UPV/EHUren baldintzetara egokitzeko, 20 Unitate Didaktiko ezberdinetan banatu da. Unitate Didaktiko bakoitzak, “Ikasteko Materialak”, “Praktikak” edo “Autoebaluazioa” ataletako materialen bat landu beharra dakar, kasuan kasu, zeregin batzuk hartzen dituena:

  • Unitate Didaktiko baten edukia “Ikasteko Materialak” ataleko elementu bat denean, ikasleak egin beharrekoak:

    • Ikasteko Materiala irakurri: gaiaren sakontasuna eta kontzeptu garrantzitsuenak ezagutzeko

    • Erreferentziak kontsultatu: Ikasteko Materialaren amaieran adierazitako erreferentziekin, Ikasteko Materialean bertan aipatutakoak osatu

    • Adibideak probatu: Ikasteko Materialean jarritako adibideak norberaren zerbitzarian sartu, abiatu eta landu, aldaketa ezberdinak eginaz

  • Unitate Didaktiko baten edukia “Praktika” ataleko elementu bat denean, ikasleak egin beharrekoak:

    • Praktikaren enuntziatua irakurri eta Ikasteko Materialean agertzen diren adibideekin erlazionatu

    • Praktika ebatzi

    • Praktikaren ebazpenak ematen dituen emaitzak, PRAKTIKEN EMAITZAK dokumentuan agertzen direnekin alderatu
  • Unitate Didaktiko baten edukia “Autoebaluazioa” ataleko elementu bat denean, ikasleak egin beharrekoak:

    • Autoebaluazioko ariketaren enuntziatua irakurri eta Ikasteko Materialetan eta Praktiketan landutakoekin erlazionatu

    • Autoebaluazioko ariketa ebatzi

    • Autoebaluazioko ebazpenak ematen dituen emaitzak, AUTOEBALUAZIO AZTERKETEN EMAITZAK ETA EBALUAZIOAK dokumentuan agertzen direnekin alderatu
    • Autoebaluazioko ariketa ebaluatu, ematen diren dokumentu horretan bertan ematen diren puntuazio-argibideak jarraituz

Jarraitutako metodologian, Unitate Didaktiko bakoitzerako jakin beharrekoa aurreko Unitate Didaktikoetan irakatsia dago. Horregatik, ikasleak ez luke Unitate Didaktiko berri bat hasi behar aurrekoa ondo (hau da, esperotako emaitzekin) amaitu arte.

KRONOGRAMA

Metodologian azaldutako Unitate Didaktikoak, beraien edukiera eta ordena kronologikoa, 2015 OCW ZTA KRONOGRAMA fitxategian dago. Bertan ikusi daitekeenez, “Ikasteko Materiala” lantzeko duen Unitate Didaktiko bakoitzaren ondoren, “Praktika” bat egokituta duen Unitate Didaktikoa dator, aurrekoan ikasitako gaia sakontzeko balio duena. Azkenik, “Autoebaluazioa” egiteko 2 Unitate Didaktiko ezberdin daude, irakasgaian zehar lortutako ikasketa-maila neurtzeko balio dutenak.

Kronograman adierazitako ordu kopuruak, irakasgaia 6 ECTS kredituetakoa balitz bezala kalkulatuak izan dira. UPV/EHUko graduetan, ECTS kreditu bakoitzaren ordu-egokitzapena hau da:

1 ECTS kreditu = 10 ordu klasean + 15 ordu klasetik kanpo

OCW UPV/EHUn berriz, klaserik ez dagoenez, ECTS kreditu bakoitzaren ordu-egokitzapena honela ulertu behar da:

1 ECTS kreditu = 25 ordu auto-ikaskuntzan

Azkenik, Unitate Didaktiko bakoitzari egokitutako ordu-kopurua ez da zehatz mehatz betetzekoa, erreferentzia modura ulertzekoa baizik. Hau da, ikasle bakoitzak, bere jakituriaren arabera, ordu-kopuru ezberdina beharko du errealitatean baina kronogramak Unitate Didaktiko bakoitzean egin beharreko lanaren proportzionaltasuna jakiteko balioko du.

BESTELAKOAK

Ez dago.



Azken aldaketa: astelehena, 2015(e)ko azaroaren 23(e)an, 16:08(e)tan