Irakasgai honen helburua da Natura Zientzien Didaktika lantzeko irakas-materiala eskaintzea. Planteamendua irekia eta globala da, hau da, Lehen Heziketako irakasleentzat eta irakasle ikasketak egiten ari direnentzat baliagarria izatea. Proposatzen diren gaiak Natura Zientzien irakaskuntza-ikaskuntzari buruzkoak dira. Hiru bloke nagusi dira aipagarriak:
- Natura Zientziaren ezaguera. Arlo hauen irakaskuntza eta ikaskuntza garatzeko eta arrazoitzeko, Natura Zientziak zer diren, zein den izaera, nola egiten den lana zientzian eta teknologian, zer den ezaguera zientifikoa, zein erlazio dituzten beste arloekin, eta zein izan den, historian zehar, zientzia eta teknologiaren bilakaera.
- Natura Zientzien irakaskuntzaren inguruan egituratzen diren gaiak. Egituraketa honela antolatu da:
o Natura Zientzien irakaskuntzaren helburuak.
o Oinarrizko curriculum-diseinua.
o Edukien egituraketa eta antolaketa.
o Jardueren diseinurako eredua.
o Irakaskuntza-metodoak edo -aukerak.
o Natura Zientzien irakaskuntzarako baliabide didaktikoak.
o Natura Zientziak arloaren ikaskuntza sakona.
- Natura Zientzien Ikaskuntza.
Agertzen diren ideia eta hausnarketa asko saileko Zientzia Esperimentalen Didaktika arloko irakasleek adierazitakoak izan direnez, nire eskerrik beroenak eskaini nahi dizkiet haiei. Berritasunak proposatzea oso zaila eta konplexua denez, ideia eta planteamendu askoren iturri bi liburu izan dira. Horietan ideia askoz gehiago daude, eta beste hainbat gai ez dira agertzen; liburu osagarriak dira. Komuna da bultzatzen den eredu didaktikoa, sekuentzia didaktikoaren kontzeptua eta sekuentzia didaktikoak lantzeko eredu didaktikoa, hain zuzen. Eduki osagarriak gaztelaniazko bi liburu hauetan agertzen dira:
PUJOL, R.M. (2003). Didáctica de las Ciencia en la Educación Primaria. Síntesis. Madril.
SANMARTÍ, N. (2002). Didáctica de las ciencias en la educación secundaria. Síntesis. Madril.
Beste hainbat liburu teorikoegiak dira edo koherentzia urriagoa dute. Adibidez, PERALES, F. eta CAÑAL, P. (koord) (2000). Didáctica de las Ciencias Experimentales: teoría y práctica de la enseñanza de las ciencias. Marfil. Alcoy. Liburu horretan gai ugari daude, baina osotasuna, koherentzia eta hainbat ideia falta dira. Beste liburu asko oso teorikoak dira, oso zehatzak edo oso orokorrak.
Halaber, Euskara eta Eleaniztasun Errektoreordetzan aritu diren pertsonak eskertu nahi ditut.
Azkenik, Saileko kideek emandako laguntza eta lankidetza eskertu nahi dut, haien hausnarketak funtsezkoak izan baitira.