Mikroblogak
Mikroblogen esparrua
Mikroblogging-a informazio unitate txikien argitaratzean datza. Bistan da, blogetan idazten duten askok helburu hori ere dutela, hots, motz idaztea eta alde horretatik pentsa daiteke antzekoa izan daitekeela. Baina, blog sistemek ematen dituzten aukerak kontutan izanda, garapena zein izan den ikusita, beharrezko ikusten zen patrika-telefonoetatik, netbook eta antzeko tresna txikietatik oraindik motzago idaztea, informazioa trinkotzea, ahalik eta hitz gutxien erabilita mezu ulergarriak zabaltzea. Hortaz, mikroblogging sistemak agertu ziren Sarean eta Saretik kanpo ere.
Mikrobloggingaren funtsa mezu txikiak bidaltzean datza, komunikatiboa izatean hitz kopuru bat erabilita. Mikroblogetan idazten den informazioa blogetan idazten dena baino laburragoa da eta eransten diren argazkiak eta bideoak ere tamaina txikiagoak dira. Wikipediak honako hau diosku microbloggingaz.
Multimedia blogging mota da microblogginga, erabiltzaileei aukera ematen diena testu laburrak bidaltzeko edota mikromedia argitaratzeko; hala nola, argazkiak eta soinu fitxategiak. Eta edukiok edonork ikusiak izan daitezke; edo erabiltzaileak aukera dezake nori eman baimena ikusteko. Mezu horiek igortzeko bitarte asko erabil daitezke, tesu mezularitza, bapateko mezu-igorketa, posta elektronikoa, soinu digitala edo Sarea.
Mikroblogging sistemak gutxiago dira bloggingekoak baino; baina bistan da telefono mobilen hazkundearekin batera harrera ona hartu dutela mikroblogek. Wikipedian konparaketa ere ikus daiteke, nahiz eta bertan agertzen diren sistema guztiak ez izan berdinak; Facebook, esaterako, sare sozialen softwarearen multzokoa da batez ere.
Mikroblogginga asko zabaldu da Twitter sistemari esker, baina Twitter sortu aurrez, Tumblr izeneko plataforma agertu zen 2007. urtean David Karp-en eskutik. Tumblr mikroblogging plataforma da, erabiltzaileari testuak, irudiak, bideoak, loturak, aipamenak eta soinuak argitaratzeko aukera ematen diona tumblelog sistema erabiliz. Erregistraturik dauden erabiltzaileek egiten dutenari segitu ahal diote Twitterkideek eta beraien sarrerak ikusi norberarenekin batera, horrela Tumblr argitaratzeko erreminta sozialtzat joz. Gainera, Tumblr sistemak enfasia jartzen du sistema hau erabiltzeko duen erraztasunean eta bakoitzak nahi duen bezala jartzeko aukeran. Tumblr-ek ospe handia irabazi zuen argitaratu zutenean Barack Obama presidente estatubatuarraren Interneteko bost erreminta erabilienen artean zegoela.
Twitter izan da benetan mikroblogging-aren esparrua zabaldu duena munduan zehar, nahiz eta aspaldidanik blog txikiak sortzeko sistemak egon. Gainera, plataforma honen arrakasta are gehiago hedatu da Twitter-en magalean, hainbat aplikazio sortu direlako, Twitter plataformari funtzionaltasun zabalagoa eman nahian. Techcrunh infoblogean Twitter-en 21 aplikazio erabilienak ikus daitezke. Baina, lehenik, bideo honetan Twitter zer den azalduko dizuegu.
Behin ikusitakoan zer den Twitter, sakontzearren, ikus dezagun hori zertarako erabiltzen den komunikazioaren esparruan eta pentsa dezagun azalpena baliogarria dela informazioaren esparrurako, egungo hainbat kazetarik erabiltzen dutelako Twitter informazio iturri bezala. Bideoa euskarazko azpitituluekin dago eta behekaldean hautatu ahal da nahi den hizkuntza. Bideolana Lee LeFever estatubatuarrak egindakoa da eta 2008ko martxoaren 5ean DotSub gunean jarri zuenetik milioka ikustaldi izan ditu ( 2 milioi inguru 2009ko otsailean eta ia 9 milioi 2010ko urtarrilean). Bideoa oso interesgarria da internautek jakin dezaten zertan oinarritzen den Twitter.
Twitter informazio iturri bezala sistema egokia dela konturatu dira informazio agentziak eta telebistak, Horrela, Skynews deritzona Twitter-en espezializaturiko egun osoko kazetariak kontratratatzen hasi da, Techcrunch guneko berriemaile Ruth Bennett-ek iragarri bezala 2009ko martxoan. Kazetaritzak berehala erreparatu dio sistema honi, bertan sare sozialak sortuz hainbat informazio interesgarri topatu ahal delako. Informazio agentziek ere erabiltzen dute Twitter, eta nahiko aktibo egon ohi dira kazetaritza partehartzaileko agentziak; horrela, Miamiko Citizen News Agency gaztelaniazko agentziak hainbat tweet edo sarrera argitaratzen ditu egunero informazioa zabaldu nahian, Interneteko webgunean ere txertatuz.
Beraz, pertsonaia ospetsuek zer egiten duten segitu ahal izateko, ezinbesteko tresna bihurtu da Twitter. Barack Obama-k, esaterako, milioika jarraitzaile ditu Twitter-en kontuan eta hainbat informazio interesgarri lortu ahal dute berriemaile profesionalek eta herritarrek bere tweetak egunero irakurriz. AEBetako Etxe Zuriaren twitter kontuak 1.654.858 jarraitzaile zituen 2009ko urtarrilaren 15ean; Obama presidenteak, ostera, ia bikoiztu egiten du kopuru hori, data berean 3.104.961 zituelako.
Ikusi ahal denez hurrengo irudi estekadunean, Twitter-en antzeko plataforma da.