Kazetaritza berriaren ezaugarriak
Interneteko kazetaritza berriaren bi zutabeak honakoak dira: herritarren partehartzea eta herritarrak eduki-sortzaile izatea. Long Tail legearen arabera, Aro Analogikoan genituen eskemak apurtu egiten dira eta orain inoiz baino errazago du herritarrak informazioaren arloan partehartzea, dela sortzailea izanik, dela iruzkinak utziz beste batzuek plazaratzen duten informazioan.
Autore batzuek Elkarrizketaren aroa deitu diote Web 2.0 eta blogen bidez agertu den aro berriari, guztion arteko elkarrizketa gauzatzen den aroa, hain zuzen ere. Telefonoak darabiltzagun bezalaxe, blogak ere erabil ditzakegu gure iruzkinak, notiziak eta gogoetak argitaratzeko. Eta molde horrek ere sortu ditu taldeak, hau da, berriemaileak elkartu ere elkartzen dira elkarlanezko hedabideak sortzeko. Informazioaren sozializazioa gertatzen da era horretan, lehen lau hedabideren esku soilik geratzen baitzen herritarrak informatzeko zeregina. Orain, ostera, guztiok aporta dezakegu zerbait betiko kanalak erabiltzeke eta hedabideak sortuz. Hala ere, Internet-en hainbeste datu eta informazio dugunez, informazio gaiztoa edo egiazkoa ez dena topatzeko aukerak asko dira. Gezurrezko albisteak edonon topa daitezke eta blogari onenei ere gerta dakieke noizbait gezurrezko datuak jaso eta beraiek argitaratzea. Blogak eta sare sozialak aproposak dira gezurrezko informazioak hedatzeko.
Blogariek kobratu ohi dutenari erreparatuz gero, Andrew G. Rosen blogariak eta Jobacle.com gunearen sortzaileak kalkulatu du kazetari normal baten antzera blog batean idazten duen blogariak zenbat kobratzen duen AEBetan, eta bataz beste orduko 7,50 dolarrekoa dela aipatzen du; behintzat, horixe da berari dagokiona erdi mailako blogaria izanik eta 2010eko urtarrilean burutuz. Zehazki, berak, adibide bat jarriz, 7,20 dolar irabazten du 500 hitz dituen post bat idazteagatik, post hori egiteko 45 minutuko lana egin behar izan duelarik. Gainera Andrew G. Rosen-ek honela banatzen du posta idazteagatik egin beharreko lana:
GAIA hautatuz: 10 minutu
IRUDIA(K): 5 minutu
WORDPRESS blog sisteman erregistratzen: minutu
1
ETIKETAK eta abar: minutu bat
IDAZTEN/EDITATZEN: 20 minutu
BIRPASATZEN: 8 minutu
Rosen berriemailearen kalkulua hona ekartzea interesgarria dela iruditu zaigu, blogen esparruan murgilduta dauden profesionalek zenbat irabazten duten ikustearren. Bistan da profesional guztiek ez dutela berdin irabazten eta kopuruak oso aldakorrak direla herrien arabera, baina Rosen kalkuluak ideia bat eman behar digu eta pentsarazi kazetaritza analogikoko eta paperezko munduko zenbat berriemaile profesionalek uko egin dioten ziberkazetaritzari gutxiegi irabazten delako.
Ikus dezagun orain ondoko bideoa Web 2.0 zelakoa den ikusteko, testua ez baita jada lineala. M. Wesch Kansas-ko unibertsitateko irakasleaak web belaunaldi berriek Internet nola erabiltzen duten adierazten digu. Eta ziberkazetaritza ohitura horiek bereganatzen joan da Web 2.0ko aplikazioak sortu zirenetik: YouTube, Flickr, Delicious...
Web 2.0 mugimenduak, izan ere, irauli egin du Sarea, eta aplikazioak errazteaz gain, web zerbitzu bezala ageri zaizkigu orain idazteko sistemak. Horrek esan nahi du disko gogorra makinatik Internetera pasatzen dela. Sare teknologiak nagusitzen dira eta kazetaritza berrian erraz idazteko plataformak ageri dira. Beste garai batean irakurtzeko edukietan baino ez zen pentsatzen, baina orain erabateko aldaketa gertatzen da Web 2.0 teknologiek Sarea idazteko-irakurtzeko dela gogoraraztzen baitigute. Ondoko irudian Web 2.0 aplikazio ezagunak ikus ditzakegu eskema grafiko adierazkor batean
Orain, J. I. Armentia irakaslearen honako bideoa eta presentazioa ikusteko unea heldu da