Informazio sistema sozialak eta mashup-ak
Kazetaritza sistema sozial berriak
Atal honetan, lehenengo eta behin mashup kontzeptua argitu beharra dago. Euskaraz, "nahasketa" bezala itzul genezake terminoa. Baina, garrantzitsuena berbaren esangura semantikoa da, hots, aplikazio batean beste batzuk txertatu ahal izatea funtzionaltasuna handiagoa lortzeko. Web 2.0 mugimenduan APIak edo Programazio Interfazeak libreak direnez, ziberkazetaritzako hedabideetan gero eta gehiago ikusten da aplikazioen arteko loturak eta elkar-eraginak posible egitea. Hortaz, erabiltzaile batek hainbat gauza egin dezake web orrialde batetik irten gabe aplikazio desberdinak egon daitezkeelako sartuta bera sartu den infogunean. Hori da kontua, web orrialde batetik erabiltzaileak bere unibertsoa kontrolatu ahal izatea. Google-k ondotxo daki hori zer den, sare sozial aurreratuak ere mashup-en bidez kortzen direlako neurri batean.
Ziberkazetaritza berrian APIak nahastu egiten dira eta arrakastaren gakoa hortixek etor daiteke gero eta ahots gehiago dagoen blogosferan, twitterferan eta sare sozialen esparruan. Behin hori argituta, ikus dezagun zer aportazio berri izan da azken boladan ziberkazetaritzaren arloan.
Argitarazleak, bai profesionalak eta baita herritarrak ere gero eta gehiago dira. Kazetaritza digitalaren garaian jada ez da beharrezkoa diru asko edukitzea hedabide pertsonala edo kolektiboa argitaratzeko. Eta ez dezagun ahantz, hori Interneteko hedabide mota guztietan gertatzen dela: dela wiki, dela blog, dela edozein EKS baten bidez, hedebideetan sozializazioa eta partehartzea balore handikoak dira. Orain ez da nahikoa informazioa argitaratzearekin, orain hedatzen asmatu ere asmatu behar da eta beraz beste modu batez ulertu behar dugu kazetaritza lanbidea bera ere. Sareko telebista, bideo, blog eta gainerako guneetan, hainbat gauza egin dezake herritar xumeak ezer ordaintzeke.
1995etik aurrera, David Maher estatubatuarrak aukera eman die herritarrei egunkari digitala sortzeko, pertsona bakoitzak bere egunkaria egin dezan. Oso ideia iraultzailea izan zen eta arrakasta eduki zuena harik eta blogak agertu arte. 2010. urtean oraindik dirau Crayon.net guneak eta beti bezala segitzen du ahalbidetzen Dan Gillmor-ek esandakoa: herritarren hedabideen aroan bizitzea. 2010eko urtarrilean 421.639 harpidedun zituen sareak, ondoko irudian ikus daitekeen bezala.
Crayon sistemaren esperientzia ikusitakoan, beste sistema batzuk agertu dira benetan informazioa sozializatzeko balio izan dutenak, WikiNotiziak edo WikiNews bezala. Wikiak taldeentzako guneak dira idazteko direnak irakurtzeko izateaz gain, jakina. Wikiek seguraski taldelana gauzatzeko erreminta sinple eta ahaltsuenak dira, eta kazetaritzaren esparrura ere pasatu dira informazioa ere konpartitu ahal delako. Horrela, ikus dezagun eta ondoko irudian klik eginez, bisita dezagun WikiNotiziak nola burutu duten katalanek beren hizkuntzan. Irudian ViquiNotícies gunearen azala ikus daiteke.
Bideoguneen arrakastaren ondoren, YouTube-tik harantzago joan nahi duten webguneak hasi dira bidea prestatzen Sarekoo telebistan lehen pausoak emateko. Horrela, Livestream (lehen, Mogulus izenarekin ezagutua), Ustream, Justin TV eta beste zerbitzu batzuk sortu dira erabiltzaileak senti dezan benetan ikusentzunezko hedabide ahaltsu baten jabea dela. Mobilitateko telebistaguneak ere sortu dira telefonoen bidez ere emiti daitekeelako sarean ezer gutxi egin barik.
Testu-inguru horretan, Web 2.0 sistemarekin, API edo programazio interfazeak kode irekian lagatzen direnez, webguneen aukerak emendatu egin dira. Orain, zerbitzuak nahastu egiten dira eta informazio edukia edo edozein eduki ahalik eta gehien zabaltzea da kontua. Horregatik infoguneetan API desberdinak txertatzen dira erabiltzaileak erraz-erraz heda dezan idatzitakoa.
Telebista mobilaren esparruan, esaterako, Qik sistemak berriztasun handia ekarri du ikusentzunezkoen aro berrian mezu argia azalduz: turn your phone in to a video camera (bihurtu bideo kamera zure telefonoa). Qik plataformak aukera ematen dio erabiltzaileari telefono bidez zuzenean, hau da, denbora errealean, grabatzeko eta emititzeko. Horrez gain, Facebook, YouTube eta beste hainbat zerbitzurekin batzeko aukera ematen du, edukiak zuzenean zerbitzu horietan ere argitara daitezen.
Baina, ziberkazetaritzan, beste sistema mota batek ere arrakasta handia lortu du. Sistemari Digg izena eman diote batzuek, kazetaritza partehartzaile deiturarekin ere ezaguna delarik. Digg infoguneak blog kolektibo baten antzera funtzionatzen du eta erreminta interesgarriak erantsi zaizkio infogune parteharkorra bihurtzeko. Digg ingelesez dago eta munduko hainbat hizkuntzatara pasatu zen plataforma. Euskaraz, Zabaldu.com izan zen lehenengoa eta geroago EITB taldeak J.J. Ibarretxeren garaian Aupatu.com gunea ere zabaldu zuen. Infogune kolektibo hauetan erabiltzaileek irakurri-idatzi egiten dituzte albisteak, edo erreferentziatu egiten dituzte albisteak, notizia bakoitzari balorea eman ahal zaiolarik. Eta horretantxe datza seguraski arrakasta, erabiltzaileak aukera ikusten baitu berari interesatzen zaion albiste bat azalean ikusi ahal duelako. Horrela, apurtu egiten da agenda setting ospetsuaren kontzepzio itxia, gatekeeper edo zaintzaileek bakarrik egin ahal zutelako hori beste garai batean.
Beheko argazkian klik egin daiteke eta Zabaldu.com bisitatu ahal da, sistemaren funtzioak ikusteko
Ricardo ... argentinarrak Balearetatik kudeatzen duen Meneame infogunean funtzionalitate handiak ageri dira eta munduan gune horren kodea darabilten hainbat gune agertu dira azken urteotan, Digg ingelesezkoak eskaintzen duenetik harantzago doalako elefantearen gunea. Ondoko argazkian ikus daitekeen bezala, albisteak bost ataletan banatzen dira: denak, teknologia, kultura, gaurkotasunezkoak, aisia. Horrez gain, erabiltzaile bakoitzak plataformaren backend-ean hainbat gauza egin ditzake, besteen albisteak kuxkuxeatzetik zirriborroz gordetzeraino.