Blogen historia eta blogosfera
Blogen hastapena kontatzen da testu honetan
1999. urteko apirilean Barrapunto sortzen da Slashdot ingelesezko aldizkari teknologikoaren arrakasta gaztelaniaren esparrura eraman nahirik. Barrapunto blog kolektiboa da eta teknologiazko informazioa etengabe argitaratzea da helburua. Software Libreko sistema izanik 2001. urtean MiBarrapunto blog sistema plazaratzen dute. Barrapunto-ko sortzaileen artean Jesús Barahona, Vicente Matellán eta Álvaro del Castillo daude.
Carlos Tirado mexikarrak 1999. urtean Tremendo blog sistema sortzen du AEBetako Ipar Karolinatik; eta, urte berean, Gustavo Arizpe mexikarrak ere Area Estratégica blogari hasiera ematen dio. Iberoamerikako lehen esperientziak ziren. Carlos Tiradok gainera Cluetrain Manifesto gaztelaniara itzultzen du. Manifesto izeneko hartan internauten arteko "elkarrizketaz" hitz egiten da, blogek dakarten aldaketaz ohartaraziz.
Ondoko bideo hau 2004. urtean egindakoa da eta euskal blogen historiara pasako da seguraski, hastapen hartan, Patxi Gaztelumendi blogariak berba egin zigulako blogen bilakaeraz eta kazetaritza digitalaz, blogen arrakasta iragarriz. Patxik Irratia.com blog-gunean lan egiten du, lehen irrati digitalean hain zuzen ere, eta kazetaritza ikasketak eginez aurre egin zien blogetan sinetsi ez zuten hainbat kazetari profesionali. Iraupena: 15:51. Ikusi bideoa.
David Sifry teknologo eta linuxzaleak 2008. urtean datuak argitaratu zituen blogosferaren inguruan. Txostenaren izena "State of the Blogosphere, 2008" izan zen eta bertan urte hartako irailean zer-nolako blogosfera zegoen adierazten zen Technoratiren analisietan oinarrituz.
Datu garrantzizkoenak eta era berean deigarrienak honakoak izan ziren:
- Technoratik 133 milioi blog zituen erregistraturik (spam blogak ezabaturik kopuru horretatik)
- Azken 120 egunetan 7,4 milioi ageri ziren gaurkoturik informazio berria argitaraturik, hots, blog guztien % 5,5a.
- 1,5 milioi blog ageri ziren gaurkoturik azken zazpi egunetan (% 1,13).
- 24 orduro bataz beste 900.000 post erregistratzen ziren; hau da, Technorati-k 37.500 post berri erregistratzen zituen orduro eta 10,4 post segunduko.
Datuak konparatu ahal izan ziren aurreko urteetakoekin eta horrela
honakoa dakigu:
The Blog Herald infoguneko Duncan Riley-k 70 milioi blog existitzen zirela zioen 2005eko uztailean. Horietatik, 1,5 Espainian, eta 3 milioi Frantzian.
Blog kopurua bost hilero bikoiztu egin zen 2005eko urrian, eta 7,5 hilero bikoiztu zen 2006ko azarora arte; baina, geroztik ez zen bikoizten, ezta urte eta erdiro ere. 2007ko apiriletik 2008ko irailera arte, blogosfera ehuneko 90 emendatu zen (63 milioi blog, zehazki).
Technorati guneak aukera ematen du 2004ko urritik urtean-urtean blogosferari buruzko datuak kontsultatzeko.