Cambiar a contenido.

UPV/EHU

Secciones
Herramientas Personales

Blogak

Blogak informazioa argitaratzeko sistema ahaltsu eta erabilterrazak dira

Blogak deitu baino lehen weblog izena eman zitzaien argitaratzeko sistema hauei. Web + log berba biek esangura argia dute, edo lehena behintzat aski ezaguna da; log hitza marka edo hatza da, konputagailuen esparruan erabiltzen dena makinetan dauden mogimenduak ikusteko. Esaterako, pertsona batek ordenagailu batean zerbait egiten duenean log bat lagatzen du sistema eragilean. Log-ei esker informatikariek ongisko jakin dezakete zer gertatu den ordu momentu jakin batean. Blogak izendatzeko bitakora hitza ere erabili da inoiz teknologian baino edukietan pentsatuz. Bitakorak, itsasgizonen tresnen antzera, nabigatzaileei laguntzeko Interneteko itsaso zabalean.

Wikipediak honako hau diosku blog kontzeptuari dagokion sarrean:

Blog (edo weblog) bat, ohar, istorio edo artikuluak argitaratzen diren Interneteko webgune bat da. Blogariak mezuak egunkari edo bitakora moduan idazten ditu eta hauek kronologikoki argitaratuz doaz bere blogean. Egitura aldetik goiko markoak bloga identifikatzen du, zutabe nagusian mezuak eta erantzunak agertzen dira, eta alboko zutabean, besteak beste, egilearen deskripzioa, estekak, etiketak, kategoriak, mezuen artxiboa eta harpidetzeko loturak egon ohi dira.

Bistan denez, blogak argitaratzeko sistema errazak dira etengabeko argitaratze zerbitzuan oinarritzen direnak. Wikipediaren euskal bertsioan ere ageri dira beste gauza batzuk blogei dagokienean; besteak beste, weblogak pertsonalak izan ohi diren arren, taldeka ere antola daitezkeela elkarlanezko argitalpenak posible egiteko. Gainera, blogen alorrean eraginkorrak izateko hainbat lagungarri egin dira; esaterako, liburuak, blogak nola egin ikasteko, Sergio Ramirezek 2010ean argitaratutakoa bezala.

Wikipediaren euskal bertsioa

1. irudia. Wikpediaren sarrera blog kontzeptuan

Blogek arrakasta eduki dute batez ere Web 2.0 mogimendua zabaltzen hasten denean. Erabiltzeko sistema errazak direnez, herritarrek ez dute teknologia ikusten zerbitzariaren aldean dagoelako. Teknologiak orain beste funtzio bat dauka: nolabait erabiltzailearen begietara ez agertzea zerbitzarian zerbitzu errazak abiaraziz. Radio Userland blog sistema izan zen berriemaile askoren arreta erakarri zuena weblogen hastapenean. Eta geroago, 2003ko urrian Typepad sistema Radio Userland sistemarekin lehian hasi zen. Radio Userland blog sistema 2000. urtean sortu zen eta agian Software Librea ez izateagatik ez zuen lortu espero zuen arrakasta. Typepad egin ahal izateko Movable Type sistema baliatu zen, sistema librea Perl mintzairan oinarritua blogak egiteko. Movable Type, Blogger eta Wordpress izan ziren XXI. mendearen hasieran aro berri bat zabaldu zutenak. Blogen sistemen garapen azkarra aurresan zitekeen zegoenekoz.

Typepad blog sistema

2. irudia. Typepad blog sistema 2003. urtean sortu zen

Lehenbiziko urteak pasatutakoan, Blogger eta Wordpress aukeratuak izan ziren abantaila nabariak zituztelako gainerako blog sistemekin.